Korrika meatzaldean. Badator eta badoa.
Badator Korrika, iritsi furgoneta, oihuak, irrintzi eta saltoak. Bide bazterreko emozioak, musika, lekukoa eta korrikalariak.
Pasatzen den toki guztietan sortzen du zirrara Korrikak, gaueko
furgonetako fokoen argipean, lautadako zuzengune luzeetako talde txikian
edo hiri handietako tropel jendetsuetan. Jendea elkartzen du Korrikak,
herri barnekoak euskararen alde elkartu eta gainontzeko
lurraldeetakoekin eskuz eskuko erreleboaren bidez lotu, herri garela
sentiaraziz.
Urepeletik ostegunean irtendako lekukoak
gaur hartuko du Meatzaldea eta gurean ere beteko ditu bide eta kaleak
jendez. Aurpegi ezagunak, ume, haur, heldu eta gazteak… nekaduraz
furgonetaren ipurdia urruntzen ikusiz atzean gelditu arte. Badoa Korrika
hurrengo arte! Eta zalapartaren ostean badator lasaitasuna eta nago,
txanpain botilaren irekitzean bezala, astearteko euskal uholdea ez ote
den gure inguruan asteazkenerako bihurtzen itsasoko tanta txiki.
Euskararen basoa erdi hutsa edo erdi betea, gure herrietan nola ikusten
dugun da gakoa.
(1) Asko aurreratu du euskarak gurean!
Hala esan zidan frankismoaren amaieran Trapagarango gau eskolara
etorritako lehen euskara irakasletako batek. Gipuzkoako baserri inguruan
sortua, Arantzazuko fraide artean euskal kontzientzia harturik, sortu
berria zen ETAko fronte kulturaletik misiolari bezala iritsi omen ziren
lehen euskara irakasleak gurera. Gure herrian euskara erabat galdurik
zegoen, ezkutuan ikurrina eta publikoan euskal dantzak ziren
euskaltasunarekin lotura bakar. Berehala agertu omen ziren ordea euskara
jakin ez baina ikasteko gogo handia zuten herritarrak eta orduan sortu
ziren gau eskola eta ondoren Ikastola Trapagaranen, berreskuratu zuten
Santa Ageda kantatzeko ohitura, hasi egiten Olentzero, euskal
kantagintzako kontzertuak eta beste hainbat ekimen. Orduko begiez asko
hobetu du euskarak gurean.
(2) Bagara baina oraindik ez dugu espaziorik herrian. Orain
bagara milaka euskaldun herrian, zenbaitek naturaltasunez baliatzen
dugu gure artean, beste batzuk familian ari dira haurrekin, besteak
ikasten edo ahal dutenean. Zaila da ordea eta ahul gara Meatzaldean.
Ahul gure herrietako gizartean euskarazko espazio naturalik ez dugulako.
Nola sortu? Eta nola egin?
Kultura global uniformizatzailearen aurrean alternatiba ikaragarria da euskara.
Euskara hizkuntza baino gehiago kultura baten ezaugarri nagusia da,
bere mundu ikusmolde, literatura, umore, kantu eta kontuekin. Horrek
gaurko gizarte komertzialak sortzen duen identitate krisian, munduari
irekita gure ikuspegi propioa garatu, nor garen jakin eta gu geu
sentitzea ahalbidetu diezaguke. Gainera kultura “ofizialean” galdurik
indibiduoak hartzen duen indarraren aurrean komunitate-kolektibo
sentimendua eskaintzen digu euskarak, korrikan bi urtero adierazten den
moduan. Kolektibotasuna eta identitatea, hauek izan daitezke agian
euskararen ezaugarri indartsuenak etorkizunari begira gaurko gizartean.
Zentrotik urrun, putzu batera botatzen den harriak sortzen dituen uhinak aldentzean txikitzen diren bezala, euskararen kolektibo adierazpenak zein euskal kultur munduaren eraginak oso txikiak dira Meatzaldean.
Horregatik sakondu beharko ditugu loturak gainontzeko euskal lurralde
eta eskualdeetako jendeekin baldin eta euskal kultura jaso, sentitu,
bizi eta haren parte izango bagara.
Herriari dagokionez gero eta euskaldun gehiago gara herrian. Elkar saretu beharko gara hizkuntzari erabilgarritasuna emateko eta espazioak irabazteko. Horrela euskara gehiago erabiltzen dugun neurrian, gure euskal identitate propioa sortuko
dugu, Meatzaldekoa, jatorri anitzekoa, nahasketarena, meatzariena,
langileena eta kalekoa eta gure jarduna herrian txertaturik naturalduko
da.
Trapagarango belaunaldi berriei, guri, dagokigu euskarari heltzea, gogoetatzea,
behar berriei erantzun, elkartzea eta aurrera egitea. Aurrekoek
egindakoari esker gara gu euskaldun eta posible da orain Trapagaranen
euskaraz bizitzea. Ez gaitzan kultura globalak bere barnean ito, ez
dadin gaurko uholdea biharko itsasoko tanta bihurtu, ez dadin korrika bi
urteroko folklore izan.