2008/02/29

MEATZALDEKO BERBALAGUN

Ortuellako dinamizatzailea: Oihane
AEK euskaltegia: 94 664 17 97
Euskara Zerbitzua: 94 664 02 00

Abanto-Zierbenako dinamizatzailea: Saioa
AEK euskaltegia: 94 636 94 47
Euskara Zerbitzua: 94 636 21 16

Muskizeko dinamizatzailea: Joana
AEK euskaltegia: 94 670 77 74
Udal euskaltegia: 94 670 64 11
Euskara Zerbitzua: 94 670 70 75


Jakingo duzuen bezala, BERBALAGUN egitasmoa eskualdera zabaltzen hasi da. Otsailean Abanto-Zierbena eta Muskiz, Ortuellarekin elkartu ziren Meatzaldeko Berbalagun martxan jartzeko.

Gure helburuak argi dauzkagu; alde batetik, eskualdeko euskaldunok elkar ezagutzea eta bestetik, euskaraz hitz egiteko aukera gehiago sortzea.

BERBALAGUN euskara ikasleentzat, euskaldunentzat zein euskara ez dakitenentzat da. Izan ere, lauzpabost laguneko taldeak osatzen ditugu euskaraz berba egin ahal izateko (konpromisoa hartuta denon artean erabakiko dugu noiz, non eta zertarako bildu); baina, horretaz gain, agendaren bitartez euskarak dituen baliabideekin gozatzeko aukera eskaintzen dugu (ikastaroak, txangoak, kultur ikuskizunak...).

Egitasmoan parte hartzea doan da; beraz, BERBALAGUNa izan edo informazioa jaso nahi baduzu jarri harremanetan gurekin!!!!

2008/02/25

II. Txikiteokidea

Urtarrilean gustura asko egon ginenez Ortuellan egindako poteoan, otsailean ere kalera aterako gara. Bisurtea ospatuz, hilaren 29an, Ferrobarrilen geratu dugu arratsaldeko 19:30etan II. TXIKITEOKIDEA egiteko.
Ez ahaztu lagunak abisatzea, ondo pasatzeko gogoekin etortzea, eta... aurretik (apur baten, e!!!) mingaina euskararen edalontzian bustitzea!!!!

2008/02/22

Tantaka: otsaileko tanta

Patricia Fernandez, Ortuellako AEKko ikaslea eta Berbalaguna
Patriciak 31 urte ditu. Ortuellako neska hau bizitza osoa akordeoiarekin gora eta behera ibili da; izan ere, goi-mailako titulua atera zuen akordeoi espezialitatean. Eta, bere ikasketek saria ekarri zioten 2002an Munduko Txapelketa irabazi baitzuen. Egun, Ortuellan dabil umeentzako musika tailerrak egiten; eta, nola ez, munduan zehar kontzertuak ematen Duo Reflectionsekin.
Zergatik hasi zinen euskara ikasten?
Alde batetik behar dudalako. Irakaslea izan nahi dut eta Euskal Herrian lan egin nahi dut. Horretarako, Hizkuntza Eskakizuna izatea beharrezkoa da. Baina bestetik, nahi dudalako. EHn bizi gara, hemen hizkuntza bat dago eta hitz egin behar dugu.
Nola? Nork gomendatua? Metodoa, jarrera...
Nik ere zer edo zer egin nuen institutuan. Oso gutxi, ordu batzuk astean eta teoria lantzeko batez ere. Gramatika eta ariketak, baina oinarrizkoa baino ez. Eta, gainera hitz egin barik.
Iaz, Bilboko Musika Eskolan ordezkapenak egiten hasi nintzen eta orduan konturatu nintzen oso tristea zela nire lankide eta ikasleekin euskaraz ez hitz egitea. Ez nintzen gai. 2-3 izan ezik, gainontzeko kideak euskaldunak ziren eta nigatik gaztelaniaz egiten zuten. Txarto sentitzen nintzen. Horrela ezin genuen jarraitu; eta, gainera, irakaslea izan nahi banuen euskara ikasi behar nuen. Txepetx liburu dendara joan nintzen eta Alfredok esan zidan bazegoela metodo bat, Bakarka, nahiko erabilgarria zena. Izan ere, nik ez neukan denborarik euskaltegira joateko, ikastaro bat egiteko... Iazko martxoan 2. liburua erosi nuen baina ekainean, Bilbon amaitu arte, ez nintzen hasi. 4. liburuxkan gelditu nintzen euskaltegian hasteko.
Zergatik eman zenuen izena euskaltegian?
4. eta 5. liburuetan jada zailtasun batzuk topatu nituen. Zalantzak izateaz gain, buruan (eta denbora gutxian) informazio gehiegi nuela uste dut. Nik bakarrik lan handia egin nuen; baina, ezin nuen gehiago! Hizkuntzak ikasteko erraztasuna daukat, frantsesa eta ingelesa badakit; baina, irakasle baten laguntza behar nuen. Eta, batez ere, talde baten funtzionamendua. Gramatika aldetik nahiko seguru sentitzen nintzen baina hitz egiterakoan... Kar-kar. Guztioi gertatzen zaiguna, ezta?
Animatu zinen Berbalagunen parte hartzen...
Bai, noski! Hemen euskaltegian ariketak egiten ditugu, asko ikasten dugu, hitz egin ere bai... baina hori guztia, benetan, Berbalagunen jartzen dugu praktikan. Erabilera ohitura hartzen dugu. Kalean euskaraz egin dezakegu! Jürgen Wolfek esan zuen bezala " ez da bakarrik territorio comancheko gauza" (hau da, euskaltegikoa). Euskaraz bizi nahi dut edo gutxienez, saiatu. Eta Berbalagunek ere laguntzen du...
Zer ekarri dizu BLk?
Ausardia. Oso talde jatorrean nago eta nahiz eta hanka sartu... ba aurrera! Eta, hori nabaritu dut pila bat. Zeri bruz hitz egitea ez da arazoa, oso berbatia naiz, baina aizu! Euskaraz egin behar da! Eta kalean! Hasieran lotsatuak geunden, gure maila zela eta ez zela... baina gero konfiantza hartzen hasi ginen. Gainera, jende berria ezagutzen ari naiz egiten diren poteo edo hitzalditxoei esker. Herriko edota eskualdeko euskaldunak. Hori oso garrantzitsua da. Eta, pozgarria eta motibagarria!
Zure esperientzia eredugarria da. Zer esango zenieke euskara ikasten dabiltzanei motibatzeko?
Gogoa eta motibazio handia behar dela. Eta batez ere, konstantzia. Klasean ikasten da baina egunero 5 minututxo atera behar dira egindakoa errepasatzeko. Azkenean, bakoitzaren lana ere beharrezkoa da.
Beharrak eta nahiak motibazioa ere sortzen dute. Lanerako beharrezkoa da, bai; baina baita gizarte batean integratzeko ere, ezta? Adibidez, sagardotegi batera joan (a la Gipuzkoa profunda, kar-kar) eta denak euskaraz. Zuk ere ondo pasatu nahi duzula konturatzen zara... Uste dut gauza asko galtzen direla euskara ez jakitean, hizkuntzaren atzean kultura bat dago. Nik ez dut lehenago ikasi ez dudalako denbora izan. Akordeoiak ere konstantzia eskatzen zuen, ikasketak, entsaioak, bidaiak... eta hori azken finean, nire egungo lana da. Gainera, denbora librea ere beharrezkoa da, e! Orain nire karrera musikala kokatua dagoela animatu naiz eta oso oso gustura nago.
Eskerrik asko Patricia! Zure tantari esker ere itsasoa osatzen ari gara...

2008/02/18

Trapagarango BerbaTaldea

Trapagaranen ere BerbaTalde bat elkartzen hasi da!!!!

Ortuellan egindako poteoagatik animatuak ostiraletan adostu dute euren hitzordua. Universal tabernan geratzen dute 19:30etan eta herriko zenbait tabernatik ibiliko dira euskaraz barra-barra berbetan.
Animatu Trapagaranen euskarak ez baitu mugarik!

2008/02/15

Tantaka: itsasoa osatzera goaz

Euskal tantak aurkeztuko ditugu datorren astetik aurrera. Hilero tanta bat, hilero eskualdeko euskaldun bati elkarrizketa bat. Ezagutuko ditugu euskalduntzeko metodoak, ibilbideak, anekdotak...
Basamortuaren erdian euskal itsaso bat osatzera goaz. Tantaka itsasoa osatzera goaz!

2008/02/12

Mendi BerbaTaldea

Aurreko domekan Mendi BerbaTaldekook Izkira joan ginen. Bokata, ura eta argazki kamera hartuta Parke Naturalera abiatu ginen. Eduk eta Jabik argazkiak egiten eman zuten eguna. Nola? Ez didazuela sinesten? Ikusi eta gero arrazoia emango didazue...
Talde honek dagoeneko hurrengo hitzorduak adostu ditu; beraz, hasi zeuen egutegietan lekutxo bat egiten...:
Martxoaren 9an Aiako Harrira joango gara.
Apirilaren 6an Pagoetara.
Maiatzaren 4an Bertizeko Jaurerrira (baliteke zubirako txangoa prestatzea).
Ekainean Donibane-Garazi Orreaga ibilbidea egingo dugu Done Jakueko bidea jarraituz (asteburua zehazteke).
Hasi zeuen egutegietan data hauek gorriz borobiltzen eta animatu!!!! (txangoen berri emango dugu eta baita aldaketaren bat badago ere)

2008/02/11

Trapagarango Bertso-Marrazki afaria

Unai Iturriaga
Igor Elortza
bertsotan


Aitor Txarterina
marrazten
NON: Trapagarango Basetxe Gaztetxean NOIZ: Otsailaren 16an, gaueko 10:00etan
SARRERAK: 12 euro (La Terraza, Ilargi, Gernikako eta Maite tabernetan salgai)
Horrez gain, 19:00etan poteo atipikoa egongo da Funikularretik abiatua!
Antolatzailea: Trapagarango Basetxe Gaztetxea

2008/02/06

Mendi BerbaTaldea

Ortuellako Mendi Berbataldea martxan jarriko da eta lehenengo hitzordua domekan izango du. Helburua hilero mendi, ibilbide, irteeratxo bat egitea da. Hau da otsaileko plana:

Izkiko Parke Naturala
Noiz: Hilak 10, domeka.
Nora: Izkiko Parke Naturala Arabako hego-ekialdeko muturrean kokatua dagoen mendiz inguratutako goi-lautada bat da.
Hitzordua: 9:00etan Manferreko autobus geltokian.
Eguna bertan emongo dugu; beraz, ez ahaztu motxilean bokata, ura eta zira sartzen!
Animatu eta etorri!

2008/02/01

Agate Deuna

Astelehenean, hilak 4, hitzordua daukagu AGATE DEUNA kantatzen joateko. 18:30etan Udaletxeko plazan entsaio orokorra egongo da 19:00etan abiatzeko .
Gure Amalurra esnatu beharra daukagu; beraz, makila hartu eta ekin kantatzeari!!!!